XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bakea

Gerlak dirauku. Gerlak dirauke. Nehork ez baitaki chuchen noiz eta nola geldituko den su galgarria.

Ortzi erauntsien ondotik iguzkia. Gerlaren ondotik bakea. Ez gerlaren on; ez gerlaren ondorio; ez eta ere gerlarien uzta.

Zeruak lurrari, Jainkoak gizoneri hitzeman eta emaiten duen ontasun ezin garbiagoa.

Bakea irabazten dena; bakea, gutarik bakotchak irabazi behar duena. Gogoz, elhez, lanaz, bere bihotz osoarekin.

Diru gose dena ez dabila bakea nahiz.

Hitz, urhats eta lan, mendekuz jokatzen denak bakearen bideaz bertzerik hautatua du.

Bekhaitzgotik sortu zen herra eta herrak ez du egundaino gerlate hazia baizik erain; herra izan da bethi su gaichtoaren itchindu pitzle eta hedatzaile.

Bakea egiazko bakea ez dugu diruarekin irabaziko, are gutiago chichpekin, tiroka.

Bakea egiazko bakea ez da gutartean sorturen hau edo hura salhatu dugulakotz hau eta hura preso ezar-azari ditugulakotz.

Bakea lore on, lore garbi, lore eder egiazko bakea ez ditake bizi gezurra, ohointza, bekhaitzgoa, herra izena duten lore pozoindatuen artean.

Elgar jasan, elgarri barkha, elgar maita: horra Legea; horra zinezko bakearen ithurri bakharra.

Izan gaiten, ager gaiten gogo zuzeneko, bihotz on, garbiko.

Gizona den gizonak, Eskualduna den eskualdunak ez dezala bertze legerik onets, ez dezala bertze biderik har.

Bakea gure dugu. OXOBI